LEP: Lan Eskaintza Publikoa

Oinarri orokorrak: Bilbao Ekintzan lanpostuak betetzeko deialdiaren oinarri orokorrak.

 B.A.O.rako sarbidea  descarga de pdf

BILBAO EKINTZAN LANPOSTUAK BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRI OROKORRAK (BARNE-SUSTAPENEKO PROZEDURAK, ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK, KONTRATAZIO MUGAGABEAK)

Zioen azalpena

1. Xedea
2. Araudi aplikagarria
3. Tratu-berdintasunaren printzipioa
4. Postuen deskribapena
5. Parte hartzeko baldintzak
6. Eskabideak eta onarpena
7. Kalifikazio-epaimahaia
8. Hautaketa-prozedura
9. Hautaketa-prozeduraren garapena
0. Hautaketa-prozesuaren kalifikazioa
11. Geroko egintzak
12. Lan-poltsak
13. Zerbitzu-eginkizunak
14. Aldi baterako kontratazioaren berezitasunak


Xedapen Gehigarria

Azken xedapena


ZIOEN AZALPENA


Bilbao Ekintzako postuak betetzeko oinarri orokor hauen helburua da arau komun batzuk ezartzea, ondore horietarako entitatean egin daitezkeen askotariko prozeduretarako.
Horrela, arauak aplikagarriak izango dira hautaketa-prozesu publikoetan (hala aldi baterakoetan nola mugagabeetan) eta mugikortasuna edo barne-sustapena dakarten prozesuetan (aldi baterako betetzeak edo betetze mugagabeetarako deialdietan ere bai).
Oinarri hauek ezartzean, asmoa da garatzea entitatearen hitzarmen kolektiboan xedatutakoa eta, hala badagokio, bertako aurreikuspenak egokitzea indarrean dagoen araudiari. Horrek kasuren batean ekar dezake akordio horretako aurreikuspenetan mugak edo ñabardurak sartzea.
Oinarri horiek tratatu eta onartu egin ditu hitzarmenaren jarraipena egiteko eta hura interpretatzeko batzorde paritarioak. Aho batez onartu dira.
Oinarri hauen lehen paragrafoan aipatutako irismena oztopatu gabe, neurri espezifikoak ezarri dira, prozeduren izaeraren araberakoak, beharrezko iritzi zaion kasuetan, esaterako, kalifikazio-epaimahaiak osatzeko kasuan.
Horrenbestez, Bilbao Ekintzako estatutuen 14.1. artikuluan, I. apartatuan, xedatutakoari jarraikiz, Administrazio Kontseiluak oinarri hauek onartu zituen 2018ko maiatzaren 4an, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta.


Lehenengoa.—Xedea


Oinarri hauen xedea da oinarri komunak ezartzea Bilbao Ekintzako lanpostuak betetzeko prozesuak arautzeko, honako modalitate hauetakoren batekoak:
— Barne-sustapena; horretan parte hartu ahal izango dute entitateko langileek, kasu bakoitzean zehaztutako baldintzak betetzen dituztenek.
— Kanpoko hautaketa; bertan, oro har, deialdi bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzen dituen edonork parte hartu ahal izango du.
Edozein prozesuren deialdia egitean oinarri espezifiko batzuk onartu beharko dira. Bertan adierazi beharko dira deialdiaren xede den postuaren edo postuen deskribapena eta betekizunak, erabili beharreko hautaketa-sistema, aplikagarriak izango diren balioespen irizpideak barne, eta lanpostua betetzea aldi baterakoa edo mugagabea izango den.
Oinarri horien berri aldez aurretik emango du Bilbao Ekintzako Enpresa Batzordeak.

Bigarrena.—Araudi aplikagarria


Hautaketa-prozesuen deialdiei aplikatu beharko zaie honako araudi hau:
— 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena (kanpoko langileak behin betiko entitatean sartzea dakarten prozesuetan, edo behin betiko lan kategoria aldatzea dakarten barne-sustapenaren kasuetan).
— 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena (gainerako kasuetan).
— Ordezko gisa, aurrekoa garatzen duen euskal erkidegoko araudia.
— Oinarri orokor hauek.
— Deialdi bakoitzean onartutako oinarri espezifikoak.
Horrez gain:
— Bilbao Ekintza enpresa entitate publikoaren estatutuak.
— Une bakoitzean indarrean dagoen hitzarmen kolektiboko aurreikuspenak.
— Honako hau ere bai: Estatuko Administrazio Orokorrean diharduten langileen sarbiderako, lanpostuen hornikuntzarako eta administrazio bereko funtzionario zibilen lanbide sustapenerako arautegi orokorra onetsi zuen martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretua.

Hirugarrena.—Tratu-berdintasunaren printzipioa


Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak xedatzen duenari, eta 3/1979 Lege Organikoaren, abenduaren 18koaren, bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 6. eta 9. artikuluek xedatzen dutenari, jarraikiz, deialdiek tratu-berdintasunaren printzipioa beteko dute, eta ezingo du bazterkeriarik egon honako arrazoi hauengatik: jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo kasu justifikatu eta zentzuzkoetan, proportzional eta kongruenteetan tratu ezberdina oinarritzen duen arauren batek babesten ez duen beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Laugarrena.—Postuen deskribapena


Postuak prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan deskribatuko dira, eta horiek Bilbao Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak onartuko ditu.


Bosgarrena.—Parte hartzeko baldintzak


1. Betekizun orokorrak.
Eskatzaileek gaitasun funtzionala eta legezkoa izan beharko dute lanak egiteko, beharrezko gaitasun psikofisikoa izan beharko dute, eta beren gaitasuna edo desgaitasuna bateragarria izan beharko da deialdiaren xede den lanpostuko atazak eta zereginak egiteko. Hori udal zerbitzu medikoek egiaztatuko dute, Hamaikagarren Oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz, laneko arriskuak prebenitzeko indarrean dagoen araudiari jarraikiz lanpostuan egin beharreko moldaketak, langileak lanetik eratorritako arriskuetatik babesten direla bermatzekoak, gorabehera.
Deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa eta betekizunak izan beharko dituzte.
Ezingo dute parte hartu legezko ezgaitasun- edo bateraezintasun-kausaren bat dutenek. Horiek aurreikusita daude administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunaren arloan indarrean dagoen araudian. Horrek guztiak ez du oztopatuko adierazitako araudian aipatutako aukeratzeko eskubidea erabiltzerik kargu publiko bat edo jarduera pribatu bateraezin bat dutenek.
Deialdian parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, eskatutako betekizun guztiak bete beharko dituzte. Horrez gain, horiek guztiak bete beharko dira hautaketa-prozesuan zehar, atxikipena edo kontrataziora arte, salbu eta gaitasun funtzionalari dagokiona; hori udal zerbitzu medikoek egiaztatu beharko dute lanean hasi baino lehen.
Aurrekoa gorabehera, prozeduraren edozein unetan, epaimahaiak hautagairen batek deialdian eskatutako betekizunak betetzen ez dituela jakinez gero, hautagaia baztertuko da, interesdunari entzunaldia eman ostean. Egun horretan bertan, horren berri emango zaio hautaketa prozesuaren deialdia egin duen agintaritzari.
2. Barne-sustapeneko prozesuak
Barne-sustapenaren bidez parte hartzen duten hautagaiak zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan egon beharko dute, edo, bestela, jatorrizko postuaren lan esparruko egoera baliokide batean, kontratu mugagabea izan beharko dute eta honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
1) Postu horretan zerbitzuak bi urtez eman izana.
2) Eskatutako titulazioa edo antzinatasuna izatea, baita deialdiaren xede den postura sartzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzea ere.
3. Parte hartzeko baldintzak
1. Hautagaiek beren borondatez erabaki behar dute hautespen-prozesu horretan parte hartzea, eta, hala erabakiz gero, proba psikoteknikoak edo nortasun-probak egitea onartu behar dute, eta proba horien emaitzak balorazio-faktore gisa erabiltzeko baimena eman behar dute, oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat.
2. Beren burua oinarri espezifikoetan jasotako proba fisikoak egiteko aurkezte hutsagatik, hautagaiek beren gain hartuko dute beren ongizate fisikoaren erantzukizun guztia. Bilbao Ekintza eta kalifikazio-epaimahaia salbuetsita geratzen dira ariketa egin bitartean sortu daitekeen edozein lesioren erantzukizunetik, baldin eta interesdunak ez badie Bilboko Udaleko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko medikuei jakinarazi kontuan hartu beharreko edozein inguruabar (gaixotasunak edo gaitzak, alergiak, haurdunaldia eta abar), aipatutako prebentzio zerbitzuak gomendatutako prebentzio-neurriak hartu ditzan.
4. Datuen babesa
1. Oinarri hauen xede den edozein hautaketa-prozesutan parte hartzeak berekin dakar hautagaien baimena ematea eskaeran jasotako beren datu pertsonalak tratatzeko (izen-abizenei, NAN zenbakiari eta prestakuntza-mailari dagozkienak) buletinetan, iragarki-tauletan, webguneetan eta, oro har, hautaketa-prozesuaren emaitza partzialak edo behin betikoak argitaratzeko erabilitako beste edozein bitartekotan argitaratzeko, eta IVAP-HAEEk edo organo eskudunak egiaztatzeko euskara maila edo beste edozein hizkuntzaren maila. Berekin dakar ere epaimahaiak berak hautaketa-prozesuari dagozkion probak modu egokian prestatzeko eta gauzatzeko beharrezko datuak tratatzeko baimena ematea. Gauza bera osasun arloko langile eskudunek egiaztatzeko hautagaiak egokitzen direla deialdi espezifikoan jasotako salbuespen medikoen esparrura.
2. Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuak barruan hartzen ditu publizitate printzipioak. Horrenbestez, eskaera ez da onartuko hautagaiak ez badu baimenik ematen bere datuak lagatzea aurreko paragrafoan aipatutako edukiarekin eta bertan aipatutako ondoreetarako.
3. Hautagaiek aurkeztutako datuak jasoko dira «Langileak» izeneko fitxategi batean.
Hautagaiak erabili ahal izango ditu Datu Pertsonalak Babesteko Legeak berariaz jasotako datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak, helbide honetara idatziz: Bilbao Ekintza, E.P.E.L., sail juridikoa, Nafarroa kalea, 5, 2. solairua. 48001-Bilbo.

Seigarrena.—Eskabideak eta onarpena


— Eskaerak betetzea eta aurkeztea
a) Eskaerak bete eta aurkeztu beharko dira oinarri espezifikoetan ezarritako prozeduraren bidez, zehaztutako ereduan.
b) Eskaerak beteko dira deialdiaren oinarri espezifikoek zehaztutako jarraibideei jarraikiz, eta betiere bost egun naturaleko epea izango dute, gutxienez.
— Eskatzaileak onartzea
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Zuzendaritza Nagusiak onartutako eta baztertutako hautagaien aldi bateko zerrenda onartuko du. Zerrenda horretan jasoko dira hautagaien izena eta bi abizen, nortasun agiri nazionalaren zenbakia eta ez onartzeko arrazoia, hala badagokio. Informazioa entitatearen iragarki-oholean eta aplikazio informatikoetan argitaratuko da barne-sustapenen kasuan, eta entitatearen webgunean, gainerakoetan.
— Jakinarazpenak
Balizko jakinarazpenetarako, horretarako helbidetzat joko da eskabidean jasotakoa, baldin eta ez badio berariaz eta frogatzeko moduan beste baten berri eman deialdia egin duen organoari.


Zazpigarrena.—Kalifikazio-epaimahaia


1. Osaketa
1.1. Arau komunak
a) Deitutako hautaketa-prozesuetako kalifikazio-epaimahaiak osatuko dira indarrean dagoen legediari jarraikiz. Bertan parte hartzea beti norberaren izenean egingo da, eta ezingo da inoren kontura edo inoren ordezkari gisa egin. Ezingo dute epaimahaiaren parte izan hautetsiek eta, oro har, izendapen politikoko karguek.
b) Epaimahaian, gutxienez, bozka eskubidea duten hiru pertsona izango dira beti: epaimahaiburua, idazkaria, eta oinarri espezifikoek zehaztutako epaimahaikideak. Osaera teknikoa izango du nagusiki, eta espezialitate printzipioak zehaztuko du. Horrenbestez, kide guztiek izan beharko dute deitutako postuetarako beharrezko titulazioaren maila akademiko bereko edo garaiagoko titulazioa, eta kideen erdien titulazio hori bat etorri beharko da eskaini den plazaren ezagutza arlo berarekin. Hala ez dagokiola justifikatu ezean, epaimahaian sexu bakoitzeko % 33 pertsona egon beharko dira, gutxienez. Epaimahaiaren osaera entitatearen presidenteak erabakiko du.
c) Epaimahaikide guztiek izango dute hitza eta bozka, idazkariak izan ezik; horrek ez du bozka eskubiderik izango. Epaimahaiaren erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoarekin hartuko dira, eta berdinketa badago, epaimahaiburuaren botoak erabakiko du.
d) Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta entitatearen presidenteari jakinarazi beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen, urriaren 1ekoaren, 23. artikuluak jasotako egoeraren bat gertatzen denean; halaber, hautagaiek ezetsi ahal izango dituzte, aurreko artikuluan xedatutako arrazoietako bat dela medio, aipatutako legearen 24. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
e) Posible denean, kalifikazio-epaimahaia osorik Bilbao Ekintzako langileek osatuko dute, baldin eta ez bada erabaki komenigarria dela udaleko edo, hala badagokio, veste administrazio batzuetako langileak izendatzea, hautaketa prozesuaren izaera edo edukia dela medio. Era berean, aukera horretaz baliatu ahal izango da Bilbao Ekintzan ez badago kalifikazio organoko kide izateko baldintzak betetzen dituen nahikoa langile.
1.2. Arau espezifikoak
a) Aldi baterako kontratazioko prozesuak
Aldi baterako postuak betetzeko prozesuetan (barrukoak edo kanpokoak), kalifikazio epaimahaian parte hartu ahal izango du Enpresa Batzordeko kide batek, betiere aurreko apartatuaren b) letran jasotako baldintzak errespetatuz.
2. Eraketa
a) Epaimahaia ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, ez badira bertaratu presidentetza eta idazkaritza lanak egiten dituztenak (titularrak edo ordezkoak) eta gainerako kideen erdiak.
b) Epaimahaiak erabaki ahal izango du bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea hautaketa-prozesuak dituen proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulariek, hala ere, beren espezialitate teknikoetan baino ez dute jardungo. Epaimahaiak entzule gisa gonbidatu ahal izango ditu langileen legezko ordezkaritzako kideak, baita Administrazio kontseiluko kideak ere.
c) Epaimahaikideek eta hautaketa-prozesuan parte hartzen duten aholkulariek edo espezialistek, beren jardunean bermatuko dute hautagaien intimitaterako, errespeturako eta aintzatespenerako eskubidea, eta zainduko dute horietako bakoitzaren inguruko informazioa modu egokian tratatzen dela.
d) Epaimahaiak ahalmena du beharrezko erabakiak hartzeko hautaketa-prozesua modu egokian egiteko eta garatzeko oinarri hauetan edo oinarri espezifikoetan aurreikusi gabeko auzietan, eta ebazteko haiek interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko gai guztiak, baita bere funtzioak betetzeko ere. Epaimahaiaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, ebazpenean bertan aurreikusitako epean, ebazpena iragarki-oholean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

Zortzigarrena—Hautaketa-prozedura


Hautagaien hautaketa-prozedura izango da deialdiaren oinarri espezifikoetan zehaztutakoa, eta honako proba mota hauek egin ahal izango dira:
— Jakintza teorikoen probak.
— Proba praktikoak.
— Proba psikometrikoak eta izaerazkoak.
— Gaitasun fisikoko probak.
— Elkarrizketa pertsonalak.
— Merituak frogatzea (euskararen ezagutza barne, eta, hala badagokio, beste hizkuntza batzuena, posturako baldintza ez badira).
Deialdian zehaztuko da egindako proba bakoitzaren haztapena.

Bederatzigarrena.—Hautaketa-prozeduraren garapena


1. Hasiera: Hautaketa-prozesuaren hasiera kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko du, eta nahikoa publizitate emango zaio.
2. Deialdia: Hautagaiei ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo zaie, eta hautagai bat proba bat egitera ez bada agertzen, ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko dauzkan eskubideak galduko ditu, eta beraz, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, behar den moduan justifikatutako eta epaimahaiak berak erabakiko dituen ezinbesteko kasuetan salbu. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko ariketetako edozein egiten hasia denean bertaratzen diren hautagaiei. Borondatezko probak egitera joan ezean edo berandu azalduz gero, proba horiek egiteari uko egin zaiola ulertuko da.

Hamargarrena.—Hautaketa-prozesuaren kalifikazioa


1. Emaitzak argitaratzea: Proba bakoitzaren puntuaketa iragarki baten bidez argitaratuko da, Bilbao Ekintzaren bitartekoetan. Informazioa entitatearen iragarki taulan eta aplikazio informatikoetan argitaratuko da barne-sustapenen kasuan, eta entitatearen webgunean gainerakoetan.
2. Amaierako kalifikazioa lortutako puntuazioak gehituz lortuko da, eta hautagaien lehentasun-hurrenkera zehaztuko du.

Hamaikagarrena.—Geroko egintzak


Hautaketa-prozesua amaitzean, epaimahaiak argitaratuko du hautatutako pertsonen zerrenda, puntuazio-hurrenkeraren araberakoa, eta dagokion atxikipen- edo kontratazio proposamena egingo du, honako jarraibide hauei jarraikiz:
— Barne-sustapeneko prozedurak. Barne-sustapeneko deialdien kasuan, deitutako posturako hautatutakoa atxikiko da, eta jasota utziko da atxikipen hori aldi baterakoa edo behin betikoa den. Soldata-baldintzak eta ondoreen data ere jasota utziko dira.
— Aldi baterako kontratazioko prozedurak. Aldi baterako kontratazioen kasuetan, hautatutako pertsonari eskatuko zaio dokumentuz egiazta dezala lanpostuko funtzioak betetzeko eskatutako baldintzak betetzen dituela, eta dagokion lan-kontratua sinatuko da.
— Mugagabeko kontratazioko prozedurak. Mugagabeko kontratazioen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako moduan jardungo da. Kasu guztietan, erabaki ahal izango da beharrezkoa dela posturako gaitasun adierazpena lortu beharko dela prebentzio-zerbitzu mankomunatuan, atxikipena edo kontratazioa egin aurretik.

Hamabigarrena.—Lan-poltsak


Aldi baterako kontratazioko edo mugagabeko kontratazioko prozeduren kasuetan, oinarri espezifikoek zehaztu ahal izango dute lan-poltsak osatzea prozeduran parte hartu duten eta lanposturako egokiak direla iritzi zaien pertsonekin, haiek kasu bakoitzean hautaketa-prozesuan egindako probak gainditu dituztelako.
Lan-poltsa horiek erabili ahal izango dira lanpostuak aldi baterako betetzeko, beste hautaketa-prozesu bat hasi gabe.
Bilbao Ekintzak ere aukera izango du deialdi espezifikoak egiteko, aldi baterako lan-poltsak sortzeko edo handitzeko, beharrezkoa denean.

Hamahirugarrena.—Zerbitzu-eginkizunak 


Mugigarritasun funtzionalaren alorrean Zuzendaritzak dituen eskumenak gorabehera, oinarri orokor hauekin bat etorriz eta premia atzeratu ezin den premiazko kasuetan, prozedura hori erabili ahal izango da sortu berri diren lanpostuak edo hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Azken horiek hutsik egon daitezke titularrik ez dutelako edo titulartasuna duen pertsona legez lanpostua gordetzeko eskubidea ematen dion egoeretako batean dagoelako. Prozedura hasi aurretik, horren berri emango zaio Enpresa Batzordeari, gehienez ere astebeteko epean horren inguruko txostena egin dezan.
Prozedura aplikatzeko baldintzak:
— Lanpostuak sistema horren bitartez betetzeak behin-behineko iraupena izango du, bi urtekoa, gehienez ere.
— Deialdi horietan parte hartu ahal izango dute Bilbao Ekintzan kontratatuta dauden pertsona guztiak, baldin eta kontratu mugagabea edo aldi baterako lan-kontratua badute (ekoizpenari lotutako behin-behineko lan-kontratudunak eta obra-kontratudunak izan ezik).
— Parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko egunean deitutako lanposturako betekizunak betetzea.
— Deialdia publikoa izan behar da, eta, gutxienez, honako apartatu hauek jasoko dira bertan:
a) Lanpostu zehatzaren identifikazioa, eta ordainsari-maila adieraziko da. Kasuan kasu, eskatu daitekeen hizkuntza-eskakizuna ere bai.
b) Zeregin nagusiak adieraziko dira.
c) Lana egiteko betekizunak.
d) Prozedura.
— Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
— Balorazio-irizpideak, eta duten garrantzi erlatiboa zehaztu. Irizpide horietan Bilbao Ekintzan duen antzinatasuna hartuko da aintzat, bai eta lanpostuan duen eskarmentua, prestakuntza, hizkuntza-eskakizuna eta elkarrizketak zein memoriak egitea ere.
Lortutako lanpostua uzteko arrazoi nahikoa izango da lanpostuaren zereginak egiteko moldakaiztasuna, beharrezkoak diren teknologiak erabiltzen ez jakitea edo antzeko beste arrazoi batzuk. Horrela utzi behar diren lanpostuen kasuetan, Enpresa Batzordeari berehala emango zaio horren berri.

Hamalaugarrena.—Aldi baterako kontratazioaren berezitasunak 


Entitatearen arlo guzti-guztietan une oro baliabide nahikoak edukitzeko helburuarekin, beharrezkoa denean, aldi baterako kontratatu ahal izango dira langileak, besteak beste, aldi baterako ezintasuna duten pertsonak (hilabete baino gehiagoko bajak) ordezkatzeko, lan-kargak berriz orekatzeko edo behar den moduan justifikatuta dagoen veste edozein motatako antzeko arrazoiren bati erantzuteko. Kasu horietan, lehenik eta behin, existitzen diren lan-poltsetara joko da, lehentasun-hurrenkera honekin bat etorriz:
— Deituko diren lanpostuen antzeko beste lanpostu batzuetarako entitateak berak dituen lan-poltsak.
— Deituko diren lanpostuen antzeko beste lanpostu batzuetarako udal-enpresek dituzten lan-poltsak.
— Deituko diren lanpostuen antzeko beste lanpostu batzuetarako Bilboko Udalak dituen lan-poltsak.
— Deituko diren lanpostuen antzeko beste lanpostu batzuetarako sektore publikoko beste administrazio edo entitate batzuek dituzten lan-poltsak.
Bestalde, kasu hauetan eta, bereziki, ezaugarriengatik lan-poltsen bitartez betetzeko zailak diren lanpostuen kasuetan, Zuzendaritza Nagusiak, langileen ordezkariei aldez aurretik jakinarazi ondoren, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren edo antzeko veste bide batzuen bitartez hautatu ahal izango dituzte langileak, besteak beste, komunikabideen bitartez egiten dituzten deialdien bitartez. Sistema horren bitartez jasotzen diren hautagaitza guztiak oinarri hauetako hautaketa-prozesuetarako orokorrean ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA
Oinarri hauetan jasotako xedapenek ez dituzte mugatzen entitatearen gobernu- eta zuzendaritza-organoen eskumenak langileen mugikortasunerako neurriak ezartzeari dagokionez. Ahalmen horiek erabiltzeko, hala badagokio, prebentzio-zerbitzu mankomunatuak bere jardunean emandako gomendioei jarraituko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratu da entitatearen langileak aldi baterako kontratatzeko aplikatu beharreko irizpideak ezartzeko araudia, administrazio kontseiluak 2016ko azaroaren 28an onartutakoa.

(1). 2021eko martxoaren 29ko Administrazio Kontseiluaren onespenaren arabera aldatutako artikulua
(2). 2021eko martxoaren 29ko Administrazio Kontseiluaren onespenaren arabera aldatutako artikulua